XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xabier Lizardi, dena apaltasun eta dena fintasun, beste guztien gainetik dizdiratsu agertzeko gai izanik (berez gertatu zen bezala) ez zen, hala ere, berekoi harro egoskor bat, ez zen sasi-jauntxo.

Bazekien herri oso baten zatitxo bat zela; hizkuntza indartsu baten lortzeko, berak ere bere apurñoa jarri behar zuela.

Hala ere, Lizardi gizon aldetik apal eta lankide den bezala, poeta denez gero nortasuntsu eta bakarti da.

Bere poetikan agertzen den gaitasunak eraginik, espresibitate oso baten beharrak bultzaturik, bilaketa batetan zehar gelditu gabe doa.

Lizardiren jardun ia guztia bilaketa da.

Hitz zehatzen bilaketa, forma plastiko egoki baten lortu-nahia.

Gauza, gertakizun, sentimendu, ideien plastika aldakorra, pareko mintzaira batetara isuri nahia.

Eta alde horretatik begiratuta, haren poesia zail da.

Zail da, hizkuntza sintetizatu, landu, osatu, berritxuratu baten bitartez espresatzen delako; batez ere aberastasuna, eta xehetasun guztien parekotasun plastikoa aurkitzen saiatzen zelako.

Beraz, batzuek gaur egun, zoritxarrez eta intentzio desberdinez, hainbestetan aipatzen diguten herrikoitasun horren ikuspegitik begiratuta, Lizardiren poesia zail da.

Egia esan, Lizardiren poesia, batez ere hasiera batetan, irakurle saiatu eta ikasiarentzat ere nahiko zail da.